Harrera

Tituluaren gainean klixkatu, eta,
dokumentua, gune berdearen pean, titulu guzien beherean, aurkituko duzu
 

*******

Joxan Artze-zenari ikustate bat

 


    Joxan Artze, joan zaigu, nehorreri, urrutira joan behar zuela, erran gabe. Hala ere, iazko ''Hatsaren Poesia''liburuan, testamendutzat, utzi digu hitzez hitz, bere olerkiaren azken lerro hau , horrela :

      ''Zeinek zioen Hatsa , Izpiritua ikusezina dela''

Nonbait,  sakonean, Hatsa bai eta Hatsaren Poesia, beretzat, munta haundikoa zitzaizkion .Hastapenetik urtez urte , xintxo xintxo, bere arnasa hor ginuen ,olerki bidumaren  barnean, eta harrigarria zaukuna da , 1999urtean agertu ginuen  lehen liburuan , bere olerki  hau irakurri ginuela:       

  LEHEN HATSA


 Lehen hatsa,

    azken hatsaren

     hastapen dugu

    ta azken hatsa,

        lehen hatsaren betea 

***

Agur beraz, Joxan !

joan zira !

Hartu duzun bidean,

goiz edo berandu..,.

denok,

hats berean,

    aurkituko gaitutzu  !

 

Hatsa elkartearentzat

Auxtin Zamora

                        ******************************************************


  Imanol Irigoien-en olerkia 
hemen:


OREN MOREAREN ARGITAN
(JOXANTON ARTZERI, IN MEMORIAM)

«nahiz eta heriotza / helduko zaidala jakin [...] / ez nau / ustekabean harrapatuko!».
J.A. ARTZE (1973)
«...Gaur, harriak / ere baitira itzal...».
«Oi, zein haizen eder, loa, —heriotzaren anaitzakoa— [...]».
LIZARDI (1973)

OREN morearen ezkilak puntu-puntuan jo dik,
ozenki eta zurrun,
itsas zerumugaren atea,
baita, ondoren,
ur-kolore ubel-gardenez jantzi ere izadiaren soina.

Eta izpi berdearen gezal-lerroak
urrun-urruneko izpi-marra berdeak—
kresal margoz tindatu dik
goizalbaren lorategia
oren morearen argitan.

Dolu eta dolore xorien paradisu galduan.

Alde honetako bidaia eginik —bidai oparoa hirea—,
ostadarretik haratago joan omen haiz abiadan
hala esan ziguk ezkilak, soinuaren hotsean—,
sasi guztien gainetik,
hegan eta hegan hi —hegazti migrari—,
zumetar xorien hegalpean.

Eta, begiak malkotan,
bihotz-ilundura batek hartu gaitik,
bihotzaren bihotzean.

Esadak
zer-nolako kolorez jantzi diren, gaur goizean,
izar multzoetatik haratago begiztatu dituan zelaiak,
ortziaz bestaldeko itsaso-zeruak?
Hemengo berde-urdin koloreez, agian...?
Eta nolakoak dira
eskualde horretako neskatila xaloen masail-ezpainak?
Hemengo marrubien antzekoak ote...?
Eta zer kolore espektroz irisatzen dira
horko paradisuko hegaztiak...?

Lurrin ubela dario izpilikuari Herioren oren morean.

Koloreez ari garela, esadak, halaber,
nolakoak ote diren
begietsi berri dituan izarretatik bestaldeko ostadarrak:
alde honetako zazpi koloreetakoak ote dira
hori-gorri-urdin...—,
ala guztiz beste era batekoak?

Negar-maluten jarioak hil-oihalez estali dik
neguko aintziraren ur geldia.

Eta hik igarritako kobazulo haren sabelean geundela
nola Jonas balearenean—,
eguerdi eguzkitsu hartan genbintzala —gogoratzen?—,
edo, bestela esanda,
une honetan etengabe inguratzen hauen
estreinako argi puru horretan genbintzala...
aurazko argi aratz distiratsu horretantxe—
argirik argiena ote zuten heure begiek,
argi hutsaren argi...?

Eta
mahaikideoi
mahai zapi zuriaren gainean aletuta heuzkaan
orri zuri haietako poemak
banan banan leitu hizkigunean—gogoratzen, Joxan?—:
heure ahotik banan banan irtendako hitz eder haiek
orduan zituztean adiera berberak ote dituzte orain
edo antzaldatuak izan dira, begi-mugez gain igaro ahala?
Ez ziren ba ametsetako begitazio bat izango...?

Harri handi-eder bat datza atxikia —gaur itzal dena
hilerriko atarian:
ilargitearen argitan datza atxikia, bai, harri handi hura,
estatua pentsalaria —edota harri filosofala— bailitzan.
Luze-zabal hedatuz eta hedatuz,
izartegirantz doan arrokaren argi-itzalak
iraganaz eta geroaz zegiguk hitz,
oraingo iraganaz zein oraingo geroaz.
Hire begiek dakusaten itzal-argiaren mintzoa, berriz,
iraganik ez duen orainaren geroaz mintzo duk,
iraganik gabeko geroaren orainaz,
orainaren orainaz amaigabe mintzo zaigunaz:
beti-betiko orainaz ari den mintzoaz.

Negarrezko haran honetatik
mila-milioi argi urtetara joan omen haiz, hegaldi luzez,
kosmoaren ifrentzura;
galaxietan gaindi bidaiatu omen haiz,
geure begietarako ikustezin;
materiatik at, ez-materiatik at zein materia ilunetik at,
eta, ortziaren sabai-argiaren distira apalez
pittin bat goiargiturik ni neu ere,
zera galdetzera ausartuko nauk, Joxan:
hutsa, hatsa, hotsa izan nahi huen horrek
lortu al duk betikotasunean izatea?

Itzalaren argia dario hilerriko harri handi ederrari.
Eta iluna argi bihurtu denean,
poz-atsegin gozo batek gainezka betetzen dik etengabe
xorien paradisu berreskuratua.

Zulo beltzetan gaindi, begi-lausoz,
izar-mugetako leihatilaren zirritutik irudikatu diat
hire bizi-arnasaren argia.
Nola dakusak hortik lur honetako egurats grisa?
Nola, planeta urdina omen den honek hedaturiko kiratsa?

Argi epela darie goi-goiko zulo beltzei
hire aurpegiaren argitan.

Eta leihatilako errezelean zehar izar-hautsa irazten denean,
errauts bihurtua jada,
txalapartaren hots-erritmoan hasiko duk
turuten garaipen martxa,
hileta martxa oro garaituz.
Eta turutotsaren oihu garaitezina
musika huts bilakatuko duk,
musika biluzi-isilaren oihartzun.

Poetaren amets-bideetan barna egin duk azken bidaia:
udaberriko lore guztiez urrindatuta
hurbilduko gatzaizkik finisterreko sarrera-atean zehar;
itxarongela honetatik dei egiten diat, Joxan,
hilerriko harri handi-ederraren izenean diosat:
egon hadi luzaro gure zain!

* * *
[Eta zoriona eta bakea
eta argiaren poesia—
izanen dira nagusi,
betiren beti,
lur aginduaren baitan.]

Imanol Irigoien

(2018-II)

******************************************************


 Josu Jimenez-Maia-ren ekarpen idatzia , ''Berrian'' agertua,
bai eta  bere argazki pertsonal batzu


Txoriaren hego ebakia

Hilondoko gozarraze eta omenaldi oro ederki merezia du JosAnton Artze olerkariak. Duela hamar urte ere beste omenaldi xume baina zinez hunkigarria eskaini zitzaion Hatsaren Poesia hamargarren egunaren karietara, Senpere-Amotzeko Larraldean. Olerkarien aterpe deitzen dudan baserri eder horretan bildu ginen hogeita hamar bat lagun urteroko ohiturari jarraiki, apirilaren lehen igandean. Gipuzkoar anitz, mugaz bi aldeetako napartarrak, lapurtarrak, xuberotar baten bat, bizkaitar bi eta arabar bat eta bakarra; esan gabe doa, herrialdez herrialdeko ordezkaritza urterik urte, antzeko! “Hitzaren kortsarioak” ginela aipatu nion, nire atrebentzian, Artze handiari...

Izan ere, ohore handia izan zen ni bezalako hasiberri batendako Artzerekin berarekin eta bera bezalako poeta handiekin olerki-bilduma horretan parte hartzea, are ohore handiagoa elkarrekin bazkaltzea eta bazkal ondoko olerkiak —eta kantuak, nola ez!— partekatzea. Txalaparta jo ordez, esku-zartak jo genituen. Eta Hatsa elkarteko buru den Auxtin Zamoraren eskutik opari xume bat jasota, nori eta Artzeri berari egokitu zitzaion 2009ko Hatsaren Poesia bildumarako sar-hitza idaztea: “Bi punturen artean, zein da biderik laburrena? Jakintsuaren erantzuna. Biderik zuzenena. Aitzitik, olerkariaren erantzuna: Biderik ederrena.” Berarengandik ere hau ikasi nuen: “Paperaren zurian ezer ezarri aurretik / iker ezazu artoski / zuriak zer diotsun isil-isilik; gero berak gura duen hura / ager diezaiozun soil-soilik. “Txoriak txori” baino askoz ere gehiago zen —da— JosAnton Artze; irakurri beharrekoa.

Hatsaren poesiak badu on, olerkien bidez muga gainditzeaz landa, maila handiko eta maila apaleko olerkariok elkarrekin aritzeko parada ematea. Aurten Hatsaren poesiaren 20. bilduma aterako da, eta egunotan olerkiak bidaltzeko epea agortzear da. Ez dadila azken Hatsa izan! Ez dakit aurten JosAntonek olerkirik bidali duen, eta malkoak datozkit begietara. Amalurrak goxo har beza bere baitan.

Josu Jimenez Maia
Olerkaria







 Auxtin-Joxan-Ainara
Joakin Balentzia-Joxan Artze-Josu Jimenez Maia
                                                               Larraldeko atarian

******************************************************************************** 
2018/01/12
AINARA MAYA URROZ
Debabarrena ESIko Euskara teknikaria
44552875N
HERIOTZAREN ATARIA DUGU BIZITZA,
ETA BIZITZAREN ATEA HERIOTZA
Ortzian lore bat sortu da, lurrera izar bat erori den une honetan.
Laino guzien azpitik eta sasi guztien gainetik, gizon handia joateak bihotz-zimiko bat eragin dit, eta mundua desagertu zait ene baitan. Ene baitaratu naiz, eta emakumezko mundu txiki honetatik idazten hasi naiz haren hatsa behin hartu nuelako Senpereko Oxtikenian 2001ean, hatsa botatzen dizuet goxo eta maitasunez, neure izate osoz, nahiz eta oraindik neure burua ez asko ezagutu. Ez dakit mundua gizon-emakumearentzat egina den edo gizon-emakumea munduarentzat.
Bide bazterreko olerkari xume garenontzat, behinik behin, gure helburua ez da poesia saltzea, baina oroitzen naiz 2001eko apiril hartan Senpereko Hatsa Elkartean ezagutu berri nuen Joxanton Artzek umil nola erran zautan olerkigintza ogibide zuela, bere zentzu zabalenean edota metaforikoan. Olerkiaren funtsa norbere izaitea ematea zela erran nahi ote zidan horrekin?
Bide bazterrean hi eta ni kantari. Hemezortzi urteotan maisu isil izan dut HATSAREN POESIAren bitartez bere hitzekin Hartzabal handia, eta geroztik, urtez urte neure izaitea eta onena ematen saiatu naiz poetikoki, zentzu zabalean eta metaforikoan ama izaten saiatu naiz, funtsezkoa naizen hau ezagutzen joan naizen neurrian. Artzek bere iluntasun-unea izan zuen 39 urtekin, eta nik ere adin bertsu horretan hasi nuen neure bizitzako une kritikoa, hil ala bizikoa, eta orain 41 urtekin eta jakin dudalarik Artze olerkari hats-emailea hil zaigula, neure izaitea zuei guztiei emateko gogo bizia izan dut. Barka, beharbada, handinahikeriaz jokatzen badut, eta politikoki zuzena ez banaiz.
Ama hil zaigu. Non dira goxotasuna eta samurtasuna mundu ero honetan? Maite zaitut publikoki erratea bekatu den garaiotan, non da gure izaitearen funtsa, bihotza eta maitasuna?
Bihotzberritzen naizelarik, argitaratu eta saldu gabe geratzen zaizikidan liburu guztiak ez dakit erreko ditudan, Artzek bezala, patxadaz eta soseguz ekin nahi baitut, bihotzari eta buruari kasu eginez. Ez zait gaur- gaurkoz zintzoa iruditzen orain arte idatzitako guztia ezkutatzea edota erretzea, soilik ados ez egoteagatik orain arte idatzi dudanarekin. Jendartean zer zabaldu beharko litzateke?
Zalantzez beteta nago, baina seguru dakidan bakarra da ene izaite osoz maite dudala…
AINARA MAYA URROZ
Xorino Kantharia
Eliza karrika 10, 5. Ezker
20302 Irun, Gipuzkoa
655742924
  **********************************************************************************
Hemen lotura bat  Ainara Maiak  igorria :

https://www.youtube.com/watch?v=iLS78BmpmaU

****************************************************

Hemen, 

Agurtzane Anduetzaren akuarela bat:


**************************************************** 

Amaia Aranzetak idatzi olerkia

 

Txoriak txori…hegaraz

 

                              Laino beltzek ireki dute
                              egun berri grisa zeruan.
                              Txoriek alde egin dute,
                              hegoen zama jasoz infiniturantz.

                              Zein hegaldi polita gaurkoa,
                              lagun Joxean
                              gainean jaso dutela.

                             Batzuendako tristea den honetan,
                             txoriendako da izanen ederra,
                             bere askatasunera
                             galaxia osoan zehar,
                             betiko libre izatera
                             eramango dutena.

                             Zuden lekuan zaudela
                             zure hegalek itzal egingo digute,
                             dolua eta samina arinduz,
                             jakinik edo,
                             jada badakigu,
                             zure hitzen babesean
                             gure hitzak beti izango direla handi.

****************************************************** 
 Juankar Lopez Mugartzak idatzi olerkia
                           
                           
ARRANO BELTZA
                          JosAntoni

1200, 1332, 1379,
1512,
1609, 1789, 1794,
1839, 1879,
1931, 1937, 1966, 1971, 1975
baga bele zai zai
Gonzalez Aziluk
Iruñeko Gayarre Antzokian
nire herrikoak
zure hitzak ekarri zizkidan
musikaren bidez

hantxe adoretu nintzen
arrano beltzaren antzera
odola irakiten
joka nezala herriaren alde
eta gibeletik eman nahiko lidakeenari
barruan krask
gutxienez motz niezaiola mutturra

baga bele zai zoi

Gerora, Udaberrian
Labrit Pilotalekuan ilunpean mutiko bat
gazte bat, ni nerau, ni neroni eta
ikimilikiliklik !!

Frontoiaren aurreko paretan
lana lana lana lana lana
lana gizona eta makina

hitza eta musika
Mikel Laboa kantxan foko bakarraren erdian
txalapartariak ondoan
hantxe egin nuen nik zin euskararen alde

txalapartaren hotsa !!

Uztailean espainolek German erail zuten
zezen plazan

biga hotz hotz zoi

Elkarrekin Senperen izan ginen
Hatsaren hatsa arnastuz Larraldean

biga hotz baga zoi

egun bat bera ere ez da iragan
zartako bat (edo bi)
jasan gabe
arrano beltzarekin joan ginen
joan ginen joan
                  jaen go
navas de Tolosara
eta kate
      kateekin itzuli ginen egun hartatik

biga hotz baga zoi
urte berri on ??

joan zara
eta
oraindik
ez dugu ikasi
              eta giiii
                         gibeletik eman
                                                 ematen ari
                                     zaizkigu
              behin eta berriz
atzeko leihatilatik

nonbait bahaiz burrukatu
gure malkoak xukatzeagatik

lagundu orain, nonbait bahaiz
nafar aroa, Euskadirena, gal ez dadin

Zoritxarrari, tristeziari barruan krask
gutxienez motz diezaiogula mutturra

euskalduna nauk
hiri zor diat neurri handian

biga
       hotz
            baga
                 zoi

                        hotz
                                 hotz
                                         hotz



Juankar Lopez-Mugartza
EH, 2008ko urtarrila

****************************************** 

Maddi Zubeldiak idatzi olerkia

                                                 Herri ahotsa (Joxean Artzeri)

                                                                             Ene herriak ahots sakona
                                                                             Harpe ilunaren oihartzuna
                                                                             Harri zaharraren memorian milurtek zizelkatua.

                                                                             Ene herriak ahots lehorra
                                                                             Gari soroetatik jalgia
                                                                             Aroitzeko olibondoen enbor gogorra ta izerdia.

                                                                             Ene herriak ahots argia
                                                                             Zeru izartsuen abestia
                                                                             Basabürüko erle ilunek bedatsen emaniko eztia.

                                                                       Ene herriak ahotsa latza
                                                                       Itsasoratzen den erlaitza,
                                                                       Arrantzaleen halabeharra, Gaztelugatxeko ekaitza.

                                                                       Ene herriak ahots minbera
                                                                       Burdin artean zerratua
                                                                       Zuzentasuna oihukatuaz herri eztarri erlastua.

                                                                       Ene herriak ahots irrintzi
                                                                       Maitasunaren segurantza
                                                                       Dakienaren oroimena eta dezakenaren esperantza.  

********************************************************************* 

                    Maialen Etxegoin-ek igorria


Isiltasun gelditik gatoz,

gelditasuna dantzatu,

isiltasuna kantatu

eta isil isilik,

geldi geldirik

gelditasun isilera goaz.

J.A. Artze ,'' Gizon haundia da mundua, eta mundu ttikia gizona liburutik''.


Joan zaigu poeta ,bihotza estuturik tristeziak hartu nau eta hau norekin banatu poesia maite dutenekin baizik .







 ***************************************************** 
Artze joan zaigun egun honetan
poeta berriei
bide egin nahian
Zure betiko

Orioko Marisa.



********************************************************

Elizabeth Macklin (New York-etik)


Mesedez, hartu nire doluminak.
Besarkada estu bat,
Elizabeth 

   ***************************************************** 
Carmen Valois-ren hitza


Goian bego JosAnton Artze. Hatsa egitasmoaren parte garenok faltan botako ditugu haren olerkiak eta irria.  Eta nire gogoa, gaur, hamarkadetan bidelagun izan den Karmen Estebanegana doa. Bera ere sortzaile eta, Hatsaren partaide gisa, beti isil, baina beti presente. Nire egiten dut bere “Ahazten duguna bakarrik da hiltzen” (Hatsa Olerki bilduma. 2007),


*********************************************  


Edurne Elizalde Lujanbioren olerkia

Joxan Artzeri


Txoriak txio-txio txioka
basoetan,
mendietan,
erreketan,
soroetan
Usurbileraino hegaldaka
doluminez kantuan.

Gazte nintzela,
zurekin dastatu nuen lehenbizikoz
poesiaren magia,
hitzen lilura,
txalapartaren dardara,
erein zenuenaren uzta bizikor,
betiko zenuen gure egin.

Bizilegeak du berea heriotza,
hartzuloan hartzaren lo-negua bezala,
zure hatsak piztutako sua bizituko,
bizi-minez, bizipozez.

Gogoan zaitugu gure bihotzetan,
eta izango betiko euskal letretan.

Esker onez, Agur!



*******************************************************************
Jokin Lasa Esnaola ren abestia

(Joxan Artzeren hitzekin eta bere omenez egindako kanta)
(Beti arte, maixu)




HARTZABAL

Laino guztien azpitik eta
Sasi guztien gainetik
Isturitzetik Tolosan barru
Bide bazterrean hi eta ni kantari
Ortzia lorez lurra izarrez
Eta oihana auhenka
Gizon handia da mundua
Eta mundu ttikia gizona.

Mundua gizonarentzat egina da
Baina ez gizona munduarentzat.

Neure olerkiekin
Ateak kax-kax jotzen ditut
Eta ateak irekitzen dizkidatenean
Etxekoei so geratzen naiz
Geldirik
Besteren etxean sartzera ausartu gabe.

Mundua gizonarentzat egina da
Baina ez gizona munduarentzat.




*************************************************** 

 Lucien Etxezaharreta-ren olerkia

 
                                   Poesia

                                           Joxan Artzeren heriotzean



                                  zu zinen poesia

                                  Baionako Laugan

                                  pareten argi eta hitzetan

                                  makina ta lana ta Laboa

                                  ta txalaparta laurazka

                                  hitz basaka

                                  eskuak dantzan

                                  hitz gureak

                                  harpe zuloetarik

                                  zuk ateraiak



                                  zu zinen poesia

                                  jantzi beltzez

                                  sineste sarkorren

                                  mezulari ezti

                                  ekialde mendebalak

                                  ipar eta hegoak

                                  lurraren fedez

                                  ortze zabalen argiz

                                  jantzi berri betikoekin

                                  zuk ateraiak



                                  zu zinen poesia

                                  txorien hegoak

                                 denetan hedatuz

                                 gure bazterren egia



                                 lanbroetan erakutsiz
                                 hitz zizelkatuak

                                 abotsaren taupadan

                                 bihotza urratuz

                                 oroimen zaharretik

                                 zuk ateraiak



                                 zu zinen poesia

                                 iturri zaharrak

                                 ezkongai jantzitan emanez

                                 ura zahar eta berri baita

                                 hodeien azpitik

                                 edo sasien gainetik

                                 bizi ur ttanttetan

                                 gizonak mundu handi

                                 lurreko buztinetik

                                 zuk ateraiak



                                zu zinen poesia

                                heriotzaren kontsolagarri

                                bizitzaren ate horretan

                                herio hotza baizik

                                ikusten dugunentzat

                                lehen zitzaigun hura

                                biziarazteko

                                minaren eztitzeko

                                bihotzaren erantzunak

                                zuk ateraiak
************************************************************************
Pello Biain-en lekukotasuna
(Iñaki Bastarrikak euskaratua)


Larunbata, 2018ko urtarrilak 13
URTE (ETA BIZITZA) BERRI ON, JOXEAN ARTZE!



Urtarrilaren 8aren aurreko egunetan, lanera berriro sartuta, hasi nintzen Joxean Artzeren azken bi liburuak gainetik irakurtzen, pare bat `poema hautatzeko eta haiekin ene ikasleei urte berri ona opatzeko. Izan ere, irakurtzen diet edo irakurrarazten, tarteka, poesia pixka bat, ezagutu dezaten badela adierazpide bat ohiko hizkera arruntetik (bi zentzuetan) harago, eta eguneroko komunikazioaz harago, arrunt hori baita aizun samarra eta erabilgarritasunari begirakoa. Adierazpide horretan daude intuizioak eta distirak, irudiak eta sinbolismoak, iradokizunak eta bisioak, eguneroko hitzen mugak eta kateak hausten dituztenak, eta, baita ezarritako esanahiak hausten dituztenak ere.


Joxean Artze eta Hits & Fits taldea 1994ko errezitaldian
Foto: Jesus Mari Uriarte
Eta bihozkada bat bailitzan, haren liburuak gainetik irakurri ahala, nik ez nekien Joxean Artze bere azken orduetan zela. Harekin adiskidetasun lotura nuen, 1994az geroztik, zeren Hits & Fits talde kulturaleko kide batzuekin batera, parte hartu bainuen, argazkietan ikusten den bezala, haren errezitaldi poetiko ikus-entzunezkoan:
"Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat". Urte horietan harengandik ahalik eta gehien ikasten saiatu nintzen, bai aurrez-aurrekoan eta bai haren liburuetan , non agertzen baitzuen, mendeetan zehar tradizio filosofiko eta espiritualista ezberdinetan jasotako jakinduria, bere era berezian agertu ere. Kritika egiten zion, era berean, gizatasun kentze sakonari eta gaurko gizartearen balio unibertsalen galerari, eta baita, tokian tokikoari begiratuta, euskal nortasunaren galerari; nortasun hori agertzen da batik bat euskararen bitartez. Hizkuntza horri indar berri bat atera zion eta adierazpide-aukera zabala, euskal izatearen zentzu sakon hori (“euskal sena”) galdu gabe.

Joxean Artze 1994an egin genuen errezitaldian.Foto: Jesus Mari Uriarte
Haren munduan sartu nahi duenari, liburu hauek irakurtzea eta berrirakurtzea gomendatzen diot: "Ortzia lorez, lurra izarrez", "Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat" (lehen aipatua), eta azken bi liburuak: "Heriotzaren ataria dugu bizitza" eta "Bizitzaren atea dukegu heriotza". Espero dezagun horien atzetik etorri behar zuten liburuek (berak ere ez zekien zenbat izango ziren, halako etorri oparoa izan baitzuen azken urteetan) pixkanaka argia ikustea. Halaber gomendatzen dut, olerkiak irakurri ez ezik, haiek “bisitatzea”, hau da, liburua hartzea (mimo handiz egina, ia eskuz), ukitzea, laztantzea, gainetik irakurtzea, olerkia astiro irakurtzea, erritmoari, musikaltasunari eta soinuari erreparatuz, preziatzea, beste egun batean hara bueltatzea, zurekin duen harremana aztertzea, zure bizitzarekin edo zure aldiarekin, dastatu, aurreko olerkiekin eta ondorengoekin duen harremana ikustea (poemen ordena ez da nolanahi jarria).
Ez adiorik, Joxean, ez zaitut konpromisoan jarriko: baldin eta bada zuk hainbeste sinesten zenuen bizitza hori, zeinaren existentziaren proba baitzen Maitasuna, seinale bat bidaltzea. Zuk sinesten zenuen bezala bada, espero dut egunen batean berriz elkar besarkatzea, besarkada geldo indargarri horietako bat elkarri ematea, berriz elkar ikusten genuenean elkarri ematen genion horietakoa. Hala ez bada, haratago ezer ez badago, eta baldin bagatoz ezerez betiko batetik beste ezerez batera joateko, pozten naiz zurekin topo egin izanaz, ezerez baten eta bestearen artean, eta eskertzen dizut eskuzabalez, bihotz-bihotzez eman zeniguna.




********************* ******************************
 Imanol Irigoien-ek igorri digun  argazki  bat
Joxanton gure adiskidearen heriotza dela-eta, hortxe bidaltzen dizuet gordeta nuen argazkia (2015-I-5ean Belok-en ateratakoa), non Joxan bera, Martzel Etchehandy eta Juanmari anaia agertzen diren, elkarrekin solasean.
Egun Handira arte, Joxan!






  ******************************************************
Eukene Lizeaga-Tamayoren hitza 

Badaude horrelako uneak.
Isiltasuna kide bihurturik
Osotasunean
hitzak zintzilikatzen dituenean...




****************************************
Antton Kazabon-ek igorri argazki bat 




****************************************************************************************


Marisa Arruabarrena-ren hitza 


                                                  
                                                   2008an
                                                   Larralden topatu zintudan.
                                                   2018an
                                                   adiorik gabe
                                                   joan zatzaizkigu
                                                    Lotsa pixka bat emango ez balit
                                                    oraintxe bertan esango nizuke:
                                                    BIDAIA ON, LAGUN!


******************************************************** 


Imanol Ibaibarriaga  :
                                 Artze gogoan 
Orain dala urte batzuk bazkal ostean potoak garbitzen nengoala, Arantza Iturbek Joxean Artzeri  egindako entrebistea entzuteko aukera izan neban. Hasieran atenzino handierik ez neutsan ipini; baina entzuten nengoana hain interesgarria zanez, eskaratzean geratu nintzan  segiduten konbertsazinoa. Asko harritzen nau sortzaile batek bere pentsakeraz berba egiten dauanean, batez be artelana egileak bizitzaz daukan pentsakeraren fruitu lez azaltzen bada, Artzek inoana entzutean berdin pasau jatan: "Sortzaile naizen neurrian naiz gizona eta gizona naizen neurrian sortzailea. Agerian da sormen prozesuak berak egilea bultzatzen dauala bide barriak aurkitzera, ze bizitza eta sortze lana behin eta barriro eraberritzen dan garapenean bat eginda egonik, artistak bere gizon izatean ase leiteke egonezina”.
Artze bere handitasunean umil agertu zan alkarrizketan, artistatzat baino artisautzat gehiago eukala bere burua begitandu jatan; horrek bere lanagaz lez bizitzaz be oso zorrotza zala erakutsi eustan: "Atzera begiratuta urteetan zorrotzegia izan nazela uste dot, bai neure buruagaz bai besteekin. Lehenengo maitasuna eta gero zorroztasuna jarri behar da lehentasun lez bizitza honetan; urteek horixe erakutsi deuste, eta aspaldi irizpidez aldatzen hasia naz damu barik".

Olerkaria entzutean Oteizaren beharra etorri jatan burura; Guggenheimen bere eskulturen atzera begirako erakusketan izan nintzanean, lan teorikoa formen euskarri izateak harritu egin ninduan: teoria gorpuzten zan formetan beste dimentsio bat hartuz, garatuz behin eta barriro materia aldaketan. Holan hutsune kontzeptuak bere forma zeukan ezereza izateari laga barik. Azken batean, Artzek esan lez, artelana etenik bariko bilatze lan bat da: "Sortze lanak neu nazena ezagutzen lagundu deusta eta hori nahiko da justifikatzeko. Danok gara sortzaile eta zeozerk ernagatzen banau hori da berez, garena ez onartzea; beste kontu bat da ezagutza horretan azalean geratzea, ez sakontzea, baina hori gaur egungo gizonaren ezaugarri bat da. Gizakiok ez gara zoriontsu zoriona edukitzea ez dalako nahikoa, zoriontsu izan egin behar da. Gizarte kontsumista honetan edukitzeaz balio gara, eta horrek inola be ezin gaitu ase".
 
Sormenaren gunea gizabanakoaren barruan dagoala, norbere barruko argian, eta argi horretatik jasotako txinparta dala sortzelana esan euskun Artzek. Barneratze hori oso exigentea dala; egiten gagozanari fedea izatea derrigorrezkoa izanda, beti be erresultadoak espero doguzanak izan ezean, norbere buruagaz konfidantza ahuldu egiten dala. Ildo beretik segidu eban: “Makal aldietan behar egiteko pentsakerak izugarri lagundu ahal gaitu bizitzaz dogun pentsakera arteaz indartzen bada, eta, aldrebes, arteaz doguna bizitzaz, ze  bilakaerak izango dau garrantzia. Era horretan ez gara izango emaitzen morroi, salmenta ez da izango sormena baino inportanteagoa. Eguneroko lanetan pentsamolde jakin batek bere korrontean eroaten gaitunez, beharrak norbere izaeraren onarpen eta trebatzeagaz zer ikusi badu, zoriontsuago izan geinteke “izatean" eta ez "edukitzean" indarrak jarriz”.

Olerkigintzaz zera entzun neutsan: "Denbora eta gero aldaketak onartzeko gai bada, esan leike olerki batek berez ez daukala bukaerarik. “Txoria txori" olerkiak urteetan aldaketarik egiten ez deusta laga, baina oraintsu aspalditik gehitu nahi izandakoa onartzea lortu dot. "Nire ama hilda, lanaren amoreagatik hilda, bizitza zertarako den jakitera iritsi gabe" dinoen poeman aldaketak egin dodaz, eskribidu nebaneko eta egungo nere ikuspuntua aldatu da eta. 0rduan, gaztetasuna zala medio, jarrera tinkoa neban; gaur egun, ama zanak beste gogoeta batzuk eragiten deust. Neretzat olerkia hasi egiten da, baina inoiz ez da amaitzen; momentu batean osotasun bat lez agertzen da, baina izaera irekia du. Olerkiak banaka beharraz gauzatzen diran legetxe, liburuan taldeka agertzeko kohesio lana sarritan itzela da.  Olerki liburu bat gogoan badabilt osotasunean begiratzen deutsat, neure burua artaldea zaintzen dabilen artzain lez ikusten dot, azken batean olerkiek alkarrekaz bilatzen dabe edertasun oreka".
Benetan gustora entzun neban Artze irratian; bizitasun handiz, apaltasunez baikor agertu zan, saioa naturaltasunez ia errezitaldi bihurtu eban: "Olerkiak txoriak lakoak dira, hegan ikasi behar dabe munduan ibilteko, ez dira arranoak urbelak baino; justu-justu burua ur gainetik atera arnasa hartzeko eta ostera be uretan hondoratzen dira, hegazti izateari inoiz laga barik. Halan, olerkiak hondoratzen dira irakurleen barnean, sentipenak edozein momentutan hegaldia jaso ahal dabela, urbelak lez”. Nahiz eta jarraitzalerik ez izan, batez be ondorengo olerkari gazteei bidea zabaltzeko, bere lehenengo bi liburuak berak editau ebala esan eban; zalantzarik barik etengabeko bilatze horretan aintzidari izan zala esan leiteke.

Bere berbetan: "Gizakiok geure osotasunean ez gara soilik gorputz eta arima, geure ingurua be bagara; horregatik berbizkunde egunean erlijioak geure inguruaz jasoko gaitu. Geugaz bat da geure ingurua, zelaiak, arbolak, auzoa, hiria, ibaiak, parkea, lanbroa, hondartza. Unibertso barruan gizona pieza bat da, eta atal bakoitzak dauka bere funtzioa, bere justifikazinoa. Errealitatea ez da zentzurik bako oreka, berezko armonia daukan osotasuna baino. Gu naturaren parte bat gara, baina hondar ale txikienak be justifikatutako izaera dauka. Beraz, bada gauzen metafisika bat izatean eta ez edukitzean zentzu daukana, eta gizonak horri erreparatu behar deutsa. Inoiz baino baliabide gehiago daukagu eta ongizate gizarte honetan ezin gara ase".

Artzeren berbak kontuan izan beharko gendukez, batez be gizaki guztiok sortzaile garala zioenean, sortze lanak eguneroko ibilbideari zentzua aurkitzen laguntzen deusku eta. Geure buru eta inguruagaz zoriontsu izaten ikasi behar dogu, pertsonari eta ez edukitzeari balio emanaz: "Zoriona edukitzea ez da nahikoa, zoriontsu izan egin behar da".





 ******************************************************

  Graxi Solorzano-ren olerkia: 



ESKER ONEZ JOXAN ARTZE

Zenbat esker bihurtze
Ez duzu guganik hartze !
Zure hitzak xorroxtuaren xorroxtuaz
Bilakatu dira artelan paregabe
Zu izpirituaren zizelkatzaile.

Etengabe, egiaren bilari suharra
Samurtasunaren itsasargi beilaria
Zure hitzek ixiltasunaren ixiltasunaz
Zilatu dute ezinhurbilduzko izatea
Izpirituaren lanaz ttanttatuz malkozko irria.

Hoinbertze oihan eta belardi zeharkatuz
Haize xuriaren firfiran heldu zira kaiara
Xoriaren hegalaldiaren hegalaldiaz
Zure betiereko maitasun Iturria gurtzera
Oi! Izpirituaren izarrartea!

Bihotz bihotzez,

Ez adiorik biziaren olerkari zabal.




 ******************************************************

Juan Kruz Igerabide-ren emaitza:


Isturitzetik Tolosan barru


Bazen Andoainen Isturitza izeneko baserria; haren ondoan gelditzen zen Donostia-Tolosa trolebusa. Nik, artean gaztetxo eta berde, Isturitza eta Tolosa identifikatu nituen Artzeren liburuan; trolebusean irudikatu nuen Joxean Artze poema-liburu abangoardista argindarraren kableetatik zintzilikatzen, erritmo paralelo luzeko joan-etorrian, Isturitzatik Tolosara, Tolosatik Isturitzara, eta segi.Ez zidan grazia handirik egin Iparraldeko Isturitze ezagutzeak eta liburuaren erreferentziaguneak hankaz gora jartzeak. Izan ere, barne-muinetan, burdin hautsez hauspoturiko poesia-girotik egloga moduko batera pasarazi ninduen. Hala ere, baneukan beste euskarri bat, Isturitze landatsu eta Toulouseko desparadisua lotzen zituena, kontrajarpen bortitzez. Artean ere gaxte eta berde izan ni.Akabo, ordea, nire herdoil-lilura: korten-altzairu bihurtu. Ez da, ba, Tolosa Isturitzetik ez urrun dagoen auzo bat! Orduan, Artean gazte, berde eta lotsagabe, uko egin nion Isturitzetik Tolosan barru galtzeari.Orain, goroldiorantz zaharberdetzen ari naizen honetan, zer, eta neure abiapuntuko “iradomen”ari eustea erabaki dut. Ene barne-ibilbidean, Isturitzatik Tolosara joan-etorrian nabil, trolebusaren argindar-harietan txoriak txioka, herdoil-kozkorrak tximistaka, eta Artzeren in memorian biboteak amultsu haietatik zintzilik.
  

 ******************************************************









''Hatsaren Poesia" Egunean
Amotz-Larraldean 02/04/2017



Gure azken urteetako blogeak: