Urruñako
karrikaldia
jadanik
prest
Joseba
Aurkenerena
Agorrilaren
26an, larunbatarekin, Urruña
Gaua izeneko
karrikaldia ibiliko da Lapurdiko herri honetako karrikaz karrika eta
plazaz plaza, kantatzen eta dantzatzen, herria piztuz eta euskal
giroaz gainezkatuz.
Urruña
luzaz lozorroan izan bada ere, azken hamarkadetan urrats handiak egin
ditu euskaltasuna pizturik iraunarazteko. Herritarrek ikastola egin
zuten lehenik, gaur ikasle ainitzekin aitzina doana; 2014an
kabalkada-zintzarrotsa (edo tobera) arrakastatsua jokatu zuten eta
aurten, lehen aldiz, karrikaldi mitologiko bat plazaratuko dute.
Antolatzaileak Iparra-Hegoa eta Berttoli elkarteak dira.
Karrikaldia,
bere izenak dioen bezala, karrikaz karrika kantatzen eta dantzatzen
gauzatzen den ikusgarria da. Ikusgarri hau biziki ezaguna dugu
Iparralde osoan. Zenbait tokitan kabalkada deitzen diote. Urruñan ez
dute izen hori erabiltzen jendeak toberarekin nahas ez dezan, ez
baita horrelakorik. Lehen aipatu bezala, herritarrek parte hartzen
dute eta normalean istorio bat edo kontakizun bat azaltzen dute.
Urruñarrek euskara eta euskal erroak atxiki nahi dituzte,
horregatik, euskal mitologian oinarrituriko karrikaldia eginen dute.
Agorrilaren
26an, arratseko 9etan, karrikaldian parte hartuko duten herritarrak
Herriko Etxetik gertu den Berttoli elkartetik abiatuko dira eta
Arotzenia ostatura jaitsiko. Bertan dantza eta kantu bana emanen
dituzte. Hortxe hasiko da egiazko karrikaldia. Arotzenetik plazara
abiatuko da eta plazan eginen dute lehen geldialdia. Bigarren
geldialdia Saint Vincent eskolaren aitzinean izanen da. Hortik,
pilota-plazaren gibeletik, berriz plaza aldera. Hor Mari jainkosa
handiak hitza hartuko du eta ondoren su-meta piztuko da. Su
erritualaren inguruan dantzaz eta kantuz osatutako ekitaldia emanen
dute. Mutxikoak ere, izanen dira bertara hurbiltzen diren
guztientzat. Plazako ekitaldia bukatu orduko, Berttolira abiatuko
dira, eta hortxe izanen da gau pasa.
Karrikaldian,
honako moduan aterako dira pertsonaiak: Buruan zaldunak, makilariak
eta bandelariak. Ondoren herritarrak, Urruñako lanbideen
adierazgarri. Hauen segidan Tartalo, Akerbeltz, Behigorri eta Marro
buruhandiak, Musikariak eta kantariak ondoren. Hauek pasatu orduko
su errituala eramanen duen jentil talde handia etorriko da.
Hurbiletik zigante edo erraldoiak. Gibeletik joanen zaie sorgin tropa
handia, eta hauen atzetik, Ihiztari Beltza, laminak, Basajaun eta
Basandere, Sugaar, Inguma, Hodei, Martinttiki eta Gaueko. Gero lau
elementuen txanda izanen da: Lur, Ur, Su eta Aide. Adar-joleek
hartuko dute segida, eta gibeletik Urruñako Hartza azalduko da.
Ondoren zirtzil mordo bat. Hauek Txipiroi eramanen dute preso.
Pertsonaia hau De Lancre da, 1609an Lapurdi odoletan blaitu zuen
epaile-hiltzailea. Eta bukatzeko Mari jainkosa handiaren idi-orga.
Eskuan zeruak idekitzeko eta ortzantzak sortzeko erabiltzen duen
igitaia eramanen du. Berarekin batera, organ ezker-eskuin,
ama-lurraren bi alabak, Iduzki eta Ilargi joanen dira.
Urruñarrek
urte osoa daramate karrikaldi hau prestatzen: kantariak, musikariak,
dantzariak, jostunak, pertsonaiak,… Jende ainitz aritu da lanean
arlo guztietan. 150 herritar inguru.
Beraz,
irakurle, ez ahantzi euskal mitologiarekin duzun hitzordu paregabe
hau, eta hurbil zaitez agorrilaren 26an, iluntzeko 9etan, Urruñako
karriketan eginen den karrikaldira. Ez zira damutuko. Ordura arte,
adiskide.